Espainiaren laugarren ordainketa-eskaerari loturiko 61 mugarri eta helburuetatik, 60ren gainean aldeko ebaluazioa egin du gaur Batzordeak, eta 10.000 milioi euro jasoko ditu (aurrefinantzaketako zenbateko garbia) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren kargura, hura baita NextGenerationEUren elementu nagusia.
Ordainketa-eskaerak urrats garrantzitsuak jasotzen ditu 34 erreforma eta 26 inbertsio gauzatzeko bidean; horiek Espainiako herritar eta enpresen aldeko aldaketa bultzatuko dute honako eremu hauetan: trantsizio ekologikoa eta digitala, pentsioen sistema, ikerketa, garapena eta berrikuntza, hezkuntza eta lanbide-heziketa, enplegua, zerbitzu publikoen digitalizazioa, basogintza eta kudeaketa hidrologikoa, eta lurraldeen arteko lankidetza.
Besteak beste, neurri bereizgarri hauek daude ordainketa-eskaeran:
– Enpresa txiki eta ertainen eta enpresa handiagoen aldeko erreformak: Espainiak bi lege onetsi ditu, bata enpresak sortzeari buruzkoa, eta bestea enpresa emergenteei buruzkoa. Arau berri horien helburua da enpresa emergente oso berritzaileak sortzen eta hazten laguntzea, eta atzerriko enpresaburuak eta inbertitzaileak erakartzea. Erreforma horiek, ziurrenik, Espainiaren lehiakortasuna sustatuko dute.
– Inbertsioak basogintzan, kostaldeak leheneratzeko: Espainiak Basogintza Estrategia onetsi du, eta 200 km baino gehiagoko ibai-tarteak leheneratu ditu; horrek onura dakarkie 40.000 biztanleri, orain hobeki babestuta baitaude uholde-arriskuaren aurrean.