Nafarroak, Akitania Berriak eta Euskadik mugaren inguruko turismo estrategia partekatuei ekiten diete, Euroeskualdearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitatea erakunde horretako buru izanik biurteko honetan. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria eta lehendakariordea den Ana Ollok gaur ireki du Iruñean enpresaburuen lan topaketa bat, Euroeskualdearen barruko lankidetza estrategikoan bildutako hiru eskualdeetako Merkataritza Ganberek antolatua. Haren helburua da mugaren bi aldeetako merkataritza-harremanak sustatu eta erraztea, kasu honetan turismoaren gainean.

Topaketan, zenbait udalerrik eta erakundek sektore pribatuarekin jardunbide egokien adibideak partekatu dituzte eta aztertu dute, besteak beste, POCTEFA bidez ere finantzatzeko aukera (esate baterako, Gaturi 2 proiektua). Hiru eskualdeetako 70 enpresa baino gehiagoko ordezkariek ere parte hartu dute topaketan, bai eta turismoaren edo ostalaritzaren arloko elkarte profesionalek ere, hala nola Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak (AHTN).

Lankidetza estrategikoaren helburu nagusia da fluxu ekonomikoak dinamizatzea Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdean, sektore ekonomiko guztietako ETEak babestuz eta enpresa-erronkei irtenbideak emanez.  Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, “ziurgabetasun ekonomikoak, logistikaren hazkundeak eta tentsio energetikoak markatutako nazioarteko testuinguruan, hurbiltasunaren, zirkuitu laburren eta hurbileko balio-kateen abantailak nabarmentzen dira”. Hori dela eta, gaineratu duenez, “Merkataritza Ganberekiko lankidetza honen bidez, enpresei laguntza eman nahi diegu Euroeskualdeko hiru lurraldeetan eskura dauden hurbileko irtenbideak aurki ditzaten”.

Informazio gehiago