Abian den ikerketari jarraikiz, Batzordeak behin-behinean ondorioztatu du Txinako ibilgailu elektriko bateriadunen balio-kateak dirulaguntza desleialak jasotzen dituela, eta horrek kalte ekonomikoa eragin diezaiekeela EBn halako ibilgailuak ekoizten dituztenei. Ikerketa horretan, halaber, aztertu da zer-nolako ondorioak eta inpaktua izan dezaketen neurriek EBn ibilgailu elektriko bateriadunak inportatzen, erabiltzen eta kontsumitzen dituztenengan. Ikerketaren ondorioetan oinarrituta, Batzordeak behin-behinean ondorioztatu du EBren interesekoa dela hautemandako jardunbide desleial horien ondorioei irtenbidea ematea, eta, horretarako, proposatu du Txinatik datozen ibilgailu elektriko bateriadunen aurrean behin-behineko konpentsazio-eskubideak ezartzea.

Horrenbestez, Europako Batzordeak gaur aldez aurreko jakinarazpena egin die alderdi interesdunei, eta adierazi du zer maila izanen duten proposaturiko  konpentsazio-eskubide horiek, behin-behinean ezarriko direnak Txinatik datozen ibilgailu elektriko bateriadunen inportazioen gainean. Aldi berean, Batzordea Txinako agintariekin harremanetan jarri da, ondorio horiei buruz eta gaia konpontzeko moduari buruz eztabaidatzeko. Batzordeak honako eskubide indibidualak aplikatu nahi dizkie laginean sartutako hiru ekoizle txinatarrei:

– BYD: % 17,4

– Geely: % 20

– SAIC: % 38,1

Ibilgailu elektriko bateriadunak ekoizten dituzten beste enpresa txinatar batzuek ere lagundu zuten ikerketan, baina ez dira laginean sartu. Horiei batez besteko eskubide haztatu hau aplikatuko zaie: % 21. Ibilgailu elektriko bateriadunak ekoizten dituzten gainontzeko enpresa txinatarrei, ikerketan lagundu ez bazuten, honako hondar-eskubide hau aplikatuko zaie: % 38,1.

Dirulaguntzen aurkako EBren ikerketaren behin-behineko ondorioen arabera, ibilgailu elektriko bateriadunen balio-kate guztiak jasotzen du onura, Txinan, dirulaguntza desleial horietatik, eta, Txinako inportazio ugarien prezioa artifizialki baxua denez, aurreikusten da EBko industriari kalte nabarmena eta berehalakoa eragiten ahal diotela.

Informazio gehiago