Akordio historikoa lortu da Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunari dagokionez, eta, orain, lanari ekin zaio, lege-egintza multzo zabal eta konplexu hori errealitate operatibo bilakatzeko datozen bi urteetan. Ahalegin komuna izanen da, eta Batzordeak laguntza emanen die estatu kideei, bidearen fase guztietan. Batzordeak gaur onetsi du Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna Betearazteko Plan Komuna, eta hartan funtsezko zenbait mugarri ezarri dira, estatu kide guztiek behar diren gaitasun juridiko eta operatiboak ezarri ditzaten, legedi berria arrakastaz aplikatzen hasi dadin 2026. urtearen erdialdean. Gainera, EBko agentziek laguntza operatiboa eta espezifikoa emanen diete estatu kideei prozesuak iraun bitartean.
Plan Komuna eredu bat da estatu kideek aplikazio-planak egin ditzaten, urte honen bukaeran onetsi behar baitira. Lan juridikoa, teknikoa eta operatiboa oinarrizko 10 osagaitan biltzen da, aplikazio praktikoko ahaleginak zentratzeko eta errazteko.
Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunak ikuspegi globala du, eta migrazioa kudeatzeko bide osoari erreparatzen dio. Hala, Batzordea ikuspegi bikoitza ari da aplikatzen estatu kideekin, eta EB mailan legegintza-lana egitearekin batera, jarduera operatiboak ere aurrera eramaten ditu. Besteak beste, eta bereziki, migrazioaren kanpo-dimentsioa lantzen da, eta herrialde elkartuekin akordio globalak ezartzen saiatzen da. Eremu horretako ekintzak ez daude betebehar juridikoei lotuta, baina, hala ere, funtsezkoa izanen da EBk herrialde elkartuekin batera egiten duen lanean aurrera egitea eta hura indartzea, hiru eremu hauetan bereziki: migratzaileen legez kontrako trafikoa; itzulera efektiboa, berronarpena eta berrintegrazioa; eta legezko bideak.