Seigarren urtez antolatu du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak programa hori.

Nafarroako bederatzi enpresa eta entitate Bruselara joan dira, Europa Hurbilago programaren seigarren edizioaren barruan. Enterprise Europe Network (EEN) erakundeak sustatu du programa hori, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuarekin lankidetzan, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren Europar Batasuneko Bulego Iraunkorraren bidez. Oraingoan, programa Extremadura eta Errioxarekin batera antolatu da, eta bi jarduera izan ditu barnean: aurrez aurreko prestakuntza Nafarroan eta Bruselarako bidaia bat.

Silvia Ojer Torres Europako Proiektuen Bulegoko zuzendaria Bruselan egon da, Europako erakundeei buruz duten ezagutza hobetu nahi dituzten hainbat ETE eta Nafarroako beste erakunde batzuekin batera. Bi eguneko programa trinko batean, CDTIren Bruselako bulegoa (SOST), Europako Batzordea eta Parlamentua bisitatu dituzte, bai eta Espainiak Belgikan duen enbaxada eta eskualdeen Bruselako ordezkaritzak ere. Gainera, bilerak egin dituzte Belgikako zenbait entitaterekin, eta kateko finantzaketako deialdien berri izan dute, besteak beste. Azken helburua da Nafarroako entitateen itzulkina hobetzea, Urte Anitzeko Finantza Esparruko funtsak lortzeko.

Maiatzaren 9an, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Europa Hurbilago programarako bere laguntzen deialdia argitaratu zuen. Deialdia zuzentzen zaie bai EENk antolatutako bidaia honetan parte hartu duten enpresei, bai Europarako beste bidaia batzuk planifikatzen ari diren Nafarroako entitateei. Erakunde horiek eskabidea aurkezten ahalko dute irailaren 27ra arte, eta helburua da dirulaguntza bat lortzea, Bruselako bidaiaren gastuak ordaintzeko eta/edo aholkularitza enpresa bat kontratatzeko, enpresari lagunduko diona Urte Anitzeko Finantza Esparruko programen finantzaketa erakartzeko Europako ekitaldi batean parte hartzean lortutako gomendioak eta oharrak ezartzen, beren proposamena idazterakoan.

Gainera, maiatzaren 28tik ekainaren 27ra bitartean, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzetako beste bat eskatzen ahalko dute: Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko 2024ko laguntzak. Laguntza horien helburua da enpresek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek Europako proiektuak sustatu eta kudeatzeko pertsonak kontratatzea, proiektu horien barnean honako zeregin hauek sartzen direla: proiektu ideia bat sortzea, ideia hori barne hartzen duten programak eta deialdiak monitorizatzea eta identifikatzea, atxikitzeko bazkideak edo proposamenak bilatzea, eta proiektuak iraun bitartean aurkeztutako proposamenen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Informazio gehiago