EBren Aste Berdean, Batzordeak LIFE sarien aurtengo edizioko irabazleak iragarri zituen. LIFE sariek EBko LIFE Programak finantzatutako proiektu berritzaile, inspiratzaile eta eraginkorrenak aintzatesten dituzte, hiru kategoriatan: naturaren babesa, ekonomia zirkularra eta bizi kalitatea, eta klimaren aldeko ekintza. EB osoko LIFE proiektu guztiak aztertu ondoren, hiru hautatu ziren. Aurtengo edizioko irabazleek ibaiak leheneratzeko, intsektu proteinen hondakinetatik pentsuak ekoizteko, eta hiriak freskatzeko zuhaitzak landatzeko proiektuak proposatu dituzte.

Bozketa publiko baten ondoren, Herritarren LIFE saria Life+ Nature Guardians proiektuari eman zitzaion; proiektu hori ingurumen delituen aurka borrokatzen da –hala nola hondakinak isurtzea eta basa espezieak hiltzea–, Espainian eta Portugalen.

Naturaren LIFE saria LIFE Flusserlebnis Isar-i eman zitzaion. Proiektu horren helburua da Isar ibaia eta inguruko lautada alubialak leheneratzea, uretan eta naturan eskumena duten Bavariako agintarien arteko lankidetza paregabe baten bidez. LIFE Waste2Protein proiektua izan zen Ekonomia Zirkularraren eta Bizi Kalitatearen LIFE sariaren irabazlea. Proiektuak biohondakinetatik sortutako pentsu berritzaileak probatzen ditu, intsektuen proteinetan oinarritzen direnak, soja irinaren eta arrainaren alternatiba jasangarri gisa. Klimaren aldeko Ekintzaren LIFE saria LIFE TreeCheck-i eman zitzaion, Erdialdeko Europako hiriei klima aldaketaren aurka borrokatzen laguntzeagatik, azpiegitura berdeak erabiliz hirietako bero uhartearen efektua minimizatzeko. Europako Ingurumen Agentziako, Eskualdeetako Lantaldeko eta gizarte zibileko ordezkariek hautatu dituzte irabazleak.

Amaitzeko, Freshabitats LIFE IP hautatu zen, aurtengo edizioan sartu den kategoria berezi batean, zeinaren bidez aintzatesten baita ur garbiak europar guztien bizitzan duen funtsezko eta ezinbesteko zeregina.

Xehetasunak online kontsultatu daitezke.