Batzordea hidrogenoaren merkatu europarra garatzen laguntzeko beste neurri batzuk hartzen ari da, mekanismo pilotu bat abian jarriz. Mekanismo berria gas deskarbonizatuei eta hidrogenoei buruz berriki hartutako paketearen barruan sortu zen, eta inbertsioak bizkortzea du helburu, erosleen zein hornitzaileen merkatuaren egoerari buruzko ikuspegi argiagoa emanez eta haien arteko harremanak erraztuz. Bost urtez egonen da indarrean, eta Hidrogenoaren Europako Bankuko kide izanen da.
Hidrogenoaren mekanismo pilotuak hidrogeno berriztagarriaren eta karbono eta deribatu gutxi isurtzen dituen hidrogenoaren eskariari eta eskaintzari buruzko informazioa bildu, prozesatu eta eskuragarri jarriko du. Horri esker, erosle europarrak harremanetan jartzen ahalko dira Europako eta mundu osoko hornitzaileekin. Hidrogenoaren fluxuen eta prezioen bilakaerari buruzko merkatu datuak bildu eta tratatuko ditu. Gaur, kontratazio publikoko prozesu bati ekin zaio, mekanismo pilotua kudeatuko duen plataforma informatiko bat garatuko duen zerbitzu hornitzaile bat aurkitzeko. Batzordeak urte hau amaitu baino lehen kontratu bat sinatzea aurreikusi du, 2025aren erdialdean funtzionatzen hasi ahal izateko.