Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak 240.000 euroko laguntzen deialdia egin du, Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko. Deialdia enpresei eta irabazi asmorik gabeko entitateei zuzentzen zaie, eta laguntzak modu telematikoan eskatzen ahalko dira ekainaren 27ra arte, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan, laguntza horiei dagokien fitxan.

Dirulaguntzaren zenbateko osotik, 120.000 euro 2024ko aurrekontuen kargura izanen dira, eta beste 120.000 euro, berriz, 2025ekoen kargura. Entitate onuradunek pertsona bat kontratatu beharko dute 2 hilabeteko gehieneko epean, gutxienez 12 hilabeterako; pertsona horrek lanaldi osoa eta kontratu mugagabea izanen ditu, eta urtean gutxienez 32.000 euroko soldata gordina jasoko du. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izaten ahalko da (soldataren erdia baino gehiago).

Deialdia sortu da Nafarroako hainbat eragile sozioekonomikok Kanpo Ekintzako Plana egin bitartean adierazitako beharrizan batetik; izan ere, enpresek, entitateek eta beste erakunde batzuek Europar Batasuneko 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruko programa garrantzitsuenetan duten parte-hartzea eta kualifikazioa hobetu behar dituzte.

Deialdi horren xedea da proiektuen kudeaketa lanak eginen dituzten pertsonen kontratazioa sustatzea, Europako proiektuen esparruan laguntza deialdiak bilatu eta identifika ditzaten, gero deialdi horietan proposamen bat aurkezteko, eta/edo proposamen horiek hobetzeko, haien arrakasta maila handiagoa izan dadin eta, ikuspegi publikotik, Europako funtsak Foru Komunitatearen lurraldera erakartzeko aukerak handitzeko.

2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren helburuetako bat da EBren funtsetatik Nafarroako erakundeetara itzultzen dena hobetzea. Eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean funtsak lortzeko, europar programetatik edo bestelako iturrietatik (Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, sareek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik), aurretik zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio Nafarroak arrakasta handiagoa izatea nahi bada, hots, itzulkina hobetuko bada.

Informazio gehiago eta eskaerak deialdiaren fitxan