Batzordeak jakinarazpen bat egin du, eta bertan, EBko nekazaritza sektorerako ezinbesteko kasuen eta salbuespenezko inguruabarren kontzeptua argitu du, aurreikusi ezin diren fenomeno meteorologikoei eta muturreko fenomenoei dagokienez. Kontzeptu horren interpretazio juridikoa argituta, Batzordeak segurtasuna eskaini nahi dio, Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzei dagokienez, ukitutako nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari, eta, aldi berean, administrazio nazionalek Batasun osoan modu uniformean aplikatzen dutela bermatzen du.

Ezinbesteko kasuen figurari esker, beren kontroletik kanpoko ezohiko eta ustekabeko gertaerengatik (hala nola lehorte larriak edo uholdeak) NPEren baldintza guztiak bete ezin izan dituzten langileek ez dute NPEren laguntza galduko. Estatu kideek erabakitzen dute kontzeptu hori aplikatzea, dagozkion frogak oinarri hartuta eta Batasuneko nekazaritza zuzenbidea aintzat hartuta.

NPEren laguntzei lotutako betebeharrak zorrotz errespetatzearen aurrean salbuespen bat denez (adibidez, erregimen ekologikoen baldintzak edo neurriak), erabaki hori modu murriztailean aplikatu ohi da, normalean kasuz kasu edo ustiategiaren arabera. Jakinarazpenak argitzen du ezinbesteko kasua aplikatzen ahal zaiola hondamendi natural larri eta ustekabekoek edo fenomeno meteorologikoek eragindako eremu mugatu batean lan egiten duen sektore osoari. Horrek esan nahi du langile horiek ez dutela banakako eskabiderik bete beharko eta ez dutela aurkeztu beharko ezinbesteko baldintzak betetzeari buruzko frogarik. Aplikazio eremua zabaltzeak administrazio karga murriztuko die sektoreko langileei eta agintari nazionalei, eta, horrela, estatu kideek erantzun azkarra ematen ahalko dute.

Ezinbesteko kasuei eta salbuespenezko inguruabarrei buruzko jakinarazpena