Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak POCTEFA 2021-2027 programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko proiektuen deialdia aurkeztu du Hendaian. Deialdi berri horrek 14,8 milioiko zuzkidura du, mugaz haraindiko lurraldean enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatzeko.
Ekitaldia “Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteak antolatu zuen, erakunde hori arduratzen baita eremu funtzional horren garapena eta sustapena koordinatzeaz. Eremu hori POCTEFA programak bereizitako bost eremuetako bat da, eta lurralde hauek hartzen ditu: Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko hegoaldea, Baretous haraneraino. Jakina denez, Nafarroa da Euroeskualdearen buru, eta datozen urteetan Pirinioetako Lan Elkartearen buru ere arituko da.
Mikel Antonek (Eusko Jaurlaritzako Europar Batasunerako Zuzendaritza) iragarri zuenez, maiatzaren 24an, ostirala, 11:00etan, web mintegi tekniko bat egitekoa zen, proiektuen deialdiaren xehetasun guztiak azaltzeko. Informazio guztia eta izena emateko esteka Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren webgunean daude.
AFOMEF proiektuen deialdia 2024ko urriaren 23ko 14:00etara arte egonen da zabalik. Xehetasun guztiak hemen eskuratu daitezke: https://www.afomef.eu/eu/hasiera eta www.poctefa.eu (azken hori gaztelaniaz dago).