Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak mugaz gaindiko lankidetzaren balioa nabarmendu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra POCTEFA 2021-2027 Europako programaren lehen deialdiaren onuradun izan diren Nafarroako ia ehun eragileren aurrean. Ollo lehendakariordeak Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako ‘Navarrefa’ foroaren irekieran parte hartu du. Foroaren helburua POCTEFAren informaziorako, kapitalizaziorako eta sare lanerako Nafarroako gunea izatea da.
Aurtengo edizioan, ‘Navarrefa’ foroak POCTEFAren esparruan onartutako Europako edozein proiektuk kudeatu behar dituen lehen gaietako bi jorratu ditu: hainbat herrialdetako bazkideen arteko koordinazioa eta Europako Batzordeak ezartzen dituen komunikazio betebeharrak.
Ekitaldian izan dira Valeria Cenacchi, Europako Batzordeko Regio Zuzendaritza Nagusiko POCTEFAko arduraduna; Sergio Pérez, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia; Pello Pellejero, Eskualde arteko Lankidetzarako eta Kanpo Herritartasunerako Zerbitzuko zuzendaria; eta Marina Roncal, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ataleko burua (guztiak Nafarroako Gobernukoak); Idoia Arauzo, Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) UD2 Garapen Unitateko arduraduna, POCTEFAko kudeaketa agintaritza dena; Cristina Igoa, CTP/POCTEFAko komunikazio arduraduna; Andrea Chocarro, AEHNko komunikazio arduraduna; eta Victor Aierdi, Lursareako zuzendaria.
POCTEFA 2021-2027 programa da INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren akronimoa. Programa hori lurralde lankidetzarako Europako programa bat da, eta hiru herrialdeen artean mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortu zen. Batasunaren finantza laguntzaren seigarren belaunaldia da jada, eremu horretako integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera bideratua. POCTEFAk Pirinioetako bi aldeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako mugaz haraindiko lankidetza proiektuak finantzatzen ditu, mugaren itsasertzeko eremuak ere barnean hartuta.