Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran parte hartu du Bruselan. Bertan, Nafarroako Gobernuak talentuaren, etxebizitzaren, langabeziaren edo haurren arloan dituen politika publikoak defendatu ditu, eta Nafarroarako Nekazaritza Politika Bateratuaren zati baten kudeaketa eskatu du
María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak Eskualdeetako Lantaldeak apirilaren 17an eta 18an Bruselan egindako osoko bilkuran parte hartu du. Bilera horretan, Europar Batasunaren sorrerako balioei heldu die, eskualdeak kohesioaren ikuspuntutik garatu daitezen eta egonkortasun instituzionala eta kalitate demokratikoa berma daitezen, bereziki, une honetan, “desinformazioa, populismoarekin batera, demokraziek aurre egin beharreko arrisku handienetako bat baita”, berak esan bezala.
Eskualdeetako Lantaldea Europar Batasuneko organo aholku-emailea da, non hiriek eta eskualdeek parte hartzen baitute eta EBren barruan erabakitzen diren eta zuzenean eragin diezaieketen gaietan ahotsa izateko aukera ematen baitzaie.
Bileran, Europako Haurren Bermea eta haurrak babesteko tokiko eta eskualdeko sistemak indartzeari buruz eztabaidatu da. Alde horretatik, lehendakariak berretsi duenez, “politika publikoek haien eskubideak eta ongizatea babestu behar dituzte, eta haien garapenaz arduratu”, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak familiei eta haurrei laguntzeko gauzatzen dituen zenbait neurri azaldu ditu, hala nola errenta bermatua eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, 0-3 urtekoen zikloaren doakotasuna edo haurrak eta nerabeak babesteko legea.