Lege berriak atmosferaren kutsadura murriztu nahi du, herritarrek ingurune garbiago eta osasungarriagoa izan dezaten, 2050ean zero kutsadura izateko asmoarekin bat etorrita.

Parlamentuak EBko herrialdeekiko behin-behineko akordio politiko bat onetsi zuen asteazkenean, EBko airearen kalitatea hobetzeko eta giza osasunean, ekosistema naturaletan eta biodibertsitatean eragiten dituen kalteak saihesteko. Aldeko 381 boto izan zituen, kontrako 225 boto eta 17 abstentzio.

Arau berriek muga eta balio objektibo zorrotzagoak ezartzen dituzte 2030erako, giza osasunean eragin larria duten zenbait kutsatzailerentzat, hala nola partikulak (PM2,5, PM10), NO2 (nitrogeno dioxidoa) eta SO2 (sufre dioxidoa). Estatu kideek galdegiten ahalko dute 2030eko epea beste hamar urtez luzatzeko, betiere baldintza espezifikoak betetzen badira.

Arau nazional berriak urratzen badira, atmosferaren kutsadurak ukitutako pertsonek legezko ekintzak abiarazten ahalko dituzte, eta herritarrek konpentsazio ekonomikoa jasotzen ahalko dute beren osasuna kaltetu bada.

Hirietako airearen kalitatea neurtzeko datuak biltzeko puntu gehiago ere egonen dira, eta airearen kalitatearen indizeak, gaur egun EB osoan zatikatuta badaude ere, konparagarriak eta argiak izanen dira, eta jendearen eskura egonen dira.

Arau berriei buruz gehiago irakur dezakezu EBko herrialdeekiko akordioaren ondotik argitaratutako prentsa-oharrean.

Informazio gehiago