Batzordeak ofizialki tamaina oso handiko onlineko plataforma (VLOP) izendatu du Shein, Zerbitzu Digitalen Legeari jarraikiz.
Shein onlineko moda-txikizkari bat da, eta hilean 45 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu Europar Batasunean, batez beste. Erabiltzaile-kopuru hori (Sheinek jakinarazi dio Batzordeari) VLOP izendatzeko Zerbitzu Digitalen Legeak ezartzen duen atalasetik gora dago.
Gaur VLOP izendatu ondotik, Zerbitzu Digitalen Legearen arau zorrotzenak bete beharko ditu Sheinek, jakinarazten zaionetik lau hilabeteko epean (hau da, 2024ko abuztuaren amaieran), hala nola onlineko erabiltzaileak (adingabeak barne) ahalduntzeko eta babesteko neurri espezifikoak hartzeko betebeharra eta bere zerbitzuetatik eratorritako arrisku sistemiko oro behar bezala ebaluatzekoa eta arintzekoa.
Batzordeak lehenbiziko izendapen-erabakiak hartu eta urtebetera egin du izendapen hori, eta erakusten du Batzordeak jarraitzen duela merkatuaren bilakaera hurbiletik gainbegiratzen. Batzordeak onlineko 23 plataforma oso handi eta onlineko bilaketa-motor izendatu ditu orain arte, Zerbitzu Digitalen Legeari jarraikiz.
2023ko apirilaren 25ean, tamaina oso handiko onlineko lehenbiziko 19 plataforma eragile eta bilaketa-tresna izendatu zituen Batzordeak. Abuztuaren amaieratik aurrera, tamaina oso handiko onlineko plataformek eta tamaina oso handiko onlineko bilaketa-tresnek Zerbitzu Digitalen Legearen 5. atalaren araberako betebehar gehigarriak bete behar izan zituzten. 2023ko abenduaren 20an, tamaina oso handiko onlineko beste hiru plataforma izendatu ziren. Haientzat, apirilaren amaieran izanen dira lotesle betebehar gehigarriak. Beranduenez, 2024ko otsailaren 17an, onlineko bitartekari eta plataforma guztiek, enpresa txikiek eta mikroenpresek izan ezik, Zerbitzu Digitalen Legeak ezarritako betebehar orokorrak bete behar zituzten.
Batzordeak eta zerbitzu digitalen koordinatzaileek arduratu behar dute Zerbitzu Digitalen Legearen ikuskapenaz eta betearazpenaz. Estatu kideek izendatu behar zituzten koordinatzaileak, 2024ko otsailaren 17an, beranduenez.