Batzordeak 23 milioi euroko proposamenen deialdia egin du, EBko estatu kideei luzaroko langabeziari aurre egiteko modu berriak garatzen laguntzeko eta pertsonei lan merkatura itzultzeko bidea aurkitzen laguntzeko.

Proposamenen deialdia Europako Plus Gizarte Funtsaren (EGF+) “Gizarte berrikuntza+” ekimenaren esparruan finantzatu da, eta, horren bidez, Batzordeak etorkizun handiko aurreko ekimenak aprobetxatu, eta gizarte ekonomiako erakundeen zeregina indartu nahi du.

Luzaroko langabeziatzat jotzen da urtebetetik gorakoa, eta haren aurkako borrokak arazo izaten jarraitzen du estatu kide askotan. 2022an, EBn 25 urtetik gorako 4,5 milioi lagun zeuden luzaroko langabe gisa erregistratuta.

Zenbat eta denbora luzeagoan egon langabezian, orduan eta zailagoa da lana aurkitzea, eta horrek areagotu egiten du pobreziako eta gizarte bazterketako arriskua. Neurri tradizionalak, hala nola bana-banako laguntzarik gabeko prestakuntza, normalean ez dira nahikoak, arazoari eraginkortasunez aurre egiteko.

Irtenbideen bila, EBk finantzatutako txosten berri batek agerian utzi du planteamendu berritzaileen indarra, hala nola “enplegu bermeak” deritzenak, luzaroko langabeei lan merkatuan berriro sartzen laguntzeko.

Horren adibide dira Frantziako “Luzaroko Zero Langabezia” Lurraldeak, duela gutxi Belgikan txertatu den ekimena.

Plan horiek abantaila handiak izan ditzakete: tokiko komunitatearentzat erabilgarriak diren zerbitzuak eman ditzakete arrazoizko kostuan, enplegu bide berri bat eskaini diezaiekete lanik egin gabe denbora luzea daramaten pertsonei, eta lan eta kualifikazio hutsuneak betetzen lagundu dezakete.

Informazio gehiago