Batzordeak Kontseiluari proposatu dio negoziazioei ekitea Erresuma Batuarekin, gazteen mugikortasuna errazteko akordio baten inguruan. Akordio horrek aukera emanen lieke EBko eta Erresuma Batuko gazteei Erresuma Batuan eta EBn ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko, hurrenez hurren.
Erresuma Batua EBtik ateratzearen ondorioz, mugikortasuna murriztu egin da EBren eta Erresuma Batuaren artean. Egoera horrek bereziki eragin dio gazteek Mantxako kanalaren beste aldeko bizimodua esperimentatzeko duten aukerari, bai eta gazteen, kulturaren, hezkuntzaren, ikerketaren eta prestakuntzaren arloko trukeez baliatzeko aukerari ere.
Proposamenaren helburua da gazteen mugikortasunerako oztopo nagusiei modu berritzailean heltzea gaur egun, eta eskubide bat sortzea, gazteek EBtik Erresuma Batura eta alderantziz errazago eta denbora luzeagoan bidaiatzeko. Proposamenak baldintza batzuk ezartzen ditu (adina, egonaldiaren gehieneko iraupena, onargarritasun baldintzak, baldintzok betetzen direla egiaztatzeko arauak), eta horiek bete beharko lirateke, gazteak helburu bati lotuta egon gabe (adibidez, ikasketak, prestakuntza edo lana) edo kuotei lotuta egon gabe leku batetik bestera joan ahal izan daitezen. Adibidez, aurreikusitako akordioaren arabera, EBko nahiz Erresuma Batuko 18 eta 30 urte bitarteko herritarrak 4 urtera arte egon litezke helmugako herrialdean.