Batzordeak informazio eskaera bat igorri dio TikTok-i, Zerbitzu Digitalen Legearen esparruan. Bertan, xehetasun gehiago eskatu ditu TikTok-eko hornitzaileak EBn TikTok Lite aplikazio berria hedatu aurretik egin beharko zukeen arriskuen ebaluazioari buruz. Eskaera «Task and Reward Lite» programa berriak adingabeen babesean eta erabiltzaileen osasun mentalean izan lezakeen eraginari buruzkoa da, bereziki mendekotasun portaera eragiteko aukerari dagokionez. Era berean, Batzordeak informazioa eskatu du plataformak arrisku sistemiko horiek arintzeko abian jarri dituen neurriei buruz.

TikTok-ek 24 orduko epean aurkeztu behar du TikTok Literen arriskuen ebaluazioa; eta eskatutako beste informazioa, berriz, 2024ko apirilaren 26an, beranduenez. Ondoren, Batzordeak TikTok-en erantzuna aztertu, eta hurrengo urratsak ebaluatuko ditu. Informazio eskaera ikerketa egintza bat da, eta ez ditu aurrez epaitzen Batzordeak har ditzakeen neurri berriak. Hala ere, lege beraren 74. artikuluko 2. apartatuaren arabera, Europako Batzordeak isunak jartzen ahalko ditu informazio okerra, osatugabea edo engainagarria emateagatik, informazio eskaera helarazi ondotik.

TikTok Lite aplikazio berri bat da, eta funtzionalitate berri bat du 18 urtetik gorako erabiltzaileentzat: «sarien programa» bat, erabiltzaileei TikToken «zeregin» jakin batzuk egiten dituzten bitartean puntuak irabazteko aukera ematen diena; zeregin horien artean daude bideoak ikustea, edukiei «Atsegin dut» ematea, sortzaileei jarraitzea, lagunak bultzatzea TikToken sartzera, eta abar. Puntu horiek sariekin trukatu daitezke, hala nola Amazonen txartelak, PayPalen bidezko opari txartelak edo TikToken txanponak, sortzaileei eskupekoak emateko gastatu daitezkeenak. TikTok Lite 2024ko apirilean abiarazi da Frantzian eta Espainian.

2024ko otsailean, Batzordeak prozedura formal bat abiarazi zuen TikToken aurka, ebaluatzeko ea Zerbitzu Digitalen Legea urratu ote zuen honako arlo hauetan: adingabeen babesa, publizitate gardentasuna, ikertzaileentzako datuen eskuragarritasuna, eta mendekotasun diseinuaren eta eduki kaltegarrien arriskuaren kudeaketa. Batzordea froga gehiago biltzen ari da une honetan.