Batzordeak gaur onetsi duen komunikazioan, energia garbirako trantsizioari buruzko elkarrizketa batzuen balantzea egin du, eztabaidatu baita nola bideratu Europa ekonomia garbi, baliabideen erabileran eraginkor, bidezko eta lehiakor baterantz. Batzordeko presidente Ursula von der Leyen andreak Batasunaren 2023ko egoerari buruzko hitzaldian elkarrizketen hasiera iragarri zuen, Europako industriarekin eta solaskide sozialekin eztabaidatzeko nola indartu eta mantendu Europako Itun Berdearen betearazpena, industria planteamendu indartua lortzen laguntzeko. Elkarrizketen buru Maroš Šefčovič lehendakariorde exekutiboa izan da. Kontseilu Europarraren hurrengo bileran EBko agintariek Europan energia garbirako trantsizioaren hurrengo urratsei buruz eztabaidatuko dute, eta gaurko balantzea lagungarria izanen da eztabaida horretan.
Orain arte bederatzi elkarrizketa egin dira energia garbirako trantsizioari buruz. Industriak eta solaskide sozialek Europako Itun Berdeari forma emateko eta hura betetzeko konpromiso irmoa berretsi dute. Solaskide sozialek adierazi dute garrantzitsua dela trantsizioaren ekitate soziala bermatzea, kalitate oneko lanpostuak sortzeko, eta elkarrizketa sozial egituratua indartzeko beharra dagoela. Elkarrizketetan zenbait gai jorratu dira: hidrogenoa, energia kontsumo handiko industriak, teknologia garbiak, energia azpiegiturak, funtsezko lehengaiak, basogintzako bioekonomia, hiriak, mugikortasun garbia eta altzairua.