Webgunean Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren laguntzei buruzko informazioa dago, bai eta bilatzaile bat eta Nafarroako finantza-betearazpenaren mailari buruzko atal bat ere.
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari José Luis Arastik eta Ekonomia – Next Generationeko zuzendari nagusi, Julio Cifriánek Nafarroako Next Generation funtsei buruzko webgune berria aurkeztu dute.
Edizio berri honek orain arteko bertsioa ordeztuko du. Bertsio zaharraren berrikuspen sakona egin da, bi helbururekin: zerbitzu-espazio bat eratzea eta lehentasuna ematea eduki praktikoari teorikoaren gainetik, hala, webgunearen bisitariek oso hurbileko hizkuntza aurki dezaten bertan.
Next Generation laguntzei buruzko informazio guztia zentralizatzeko beharrari erantzuten dio web berriak, bai eta laguntza horiek kudeatzeko eta gauzatzeko gardentasun osoa eskaintzeari ere.
Arastiren hitzetan, «Next Generation funtsak tresna ahaltsua dira Europar Batasunak COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisiari aurre egiteko diseinatu zuen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren estrategiaren barruan. Laguntza horiek 140.000 milioi eurokoak dira Espainiarentzat transferentzia eta kredituetan, eta banaketa horrek erabateko gardentasuna eta kontrol zorrotza eskatzen ditu, behar bezala garatu ahal izateko “.