Tresna horri esker, Nafarroako enpresek energia-efizientzian egiten dituzten inbertsioen kostua berreskura dezakete.

Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak parte hartu du gaur goizean bere departamentuak antolatutako jardunaldiaren irekieran. Bertan, Energia Aurrezteko Ziurtagirien (EAZ) Sistemaren erabilgarritasuna azaldu da. Tresna berritzaile horri esker, deskarbonizazio-ekintzak egiten dituzten Nafarroako enpresek beren aurrezkiak monetizatzen ahalko dituzte, inbertsio horien finantzaketa lortzeko.

Monetizazio hori lortzeko, deskarbonizazio-ekintzak egiten dituzten enpresek eta herritarrek Energia Aurrezkiaren Ziurtagiri bat (EAZ) eskuratzen ahalko dute, ondoren “behartutako subjektu” izenekoei saltzen ahalko dietena. Azken horiek dira legez Energia Efizientziaren Funts Nazionalari ekarpenak egitera behartuta dauden enpresak. Horrela, orain behartutako subjektuek bi aukera izanen dituzte: Funtsera ekarpena egitea edo EAZ baliokideak erostea betebehar hori gauzatzeko. Azken aukera horrek abantailak ditu, hala nola, administrazio-karga txikiagoa.

Irujo kontseilariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “beharrezkoa da industria deskarbonizatzea, egungo sistema ez delako eraginkorra eta garestia delako”. “Next Generation funtsak Nafarroan aprobetxatzen jakin dugun aukera paregabea dira, eta horren erakusgarri da izan dugun autokontsumoaren hazkundea”, adierazi du Irujok.

Informazio gehiago