Iruñean kokaturiko zentroak eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan emanen die arreta Nafarroa osoan sexu-indarkeriaren biktima izan eta bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei.
María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak eta Ana Redondo Berdintasuneko ministroak Indarkeria Sexualei Arreta Integrala emateko Zentroa bisitatu dute gaur, Iruñean. Asteazken honetatik aitzina, zentroan arreta espezializatua ematen hasiko zaie sexu-indarkeriaren biktima izan eta bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan; bai indarkeria berriki jasan badute, bai iraganean jasan bazuten, eta salaketarik jarri behar izan gabe.
Zentro berri horrek 1,3 milioi euroko inbertsioa du, Europako SEM Funtsen bidez finantzatu da, eta etengabeko arreta-zerbitzua eskainiko die biktimei, bizirik atera direnei, eta haien ingurune hurbilenari, sexu-indarkeriako zeinahi egoeraren aitzinean informazioa eta orientazioa emanez eta diziplina anitzeko esku-hartzea eginez, laguntza psikologikoaren, sozialaren, hezitzailearen eta juridikoaren bidez. Gainera, itzulpen-zerbitzuak eta kultura-bitartekotzako zerbitzuak emanen dira, komunikazio eraginkorra bermatzeko, bai eta laguntza espezializatua ere, desgaitasuna duten emakumeen kasuan. Arreta, aurrez aurre zein telefonoz (848 463 999) edo bide telematikoz (caivs@fundaciongizain.es) emanen da.
Nabarmentzekoa da zentroko profesionalak Nafarroako eskualdeetan arreta ematen ahalko dutela, landa-inguruneetako emakumeen beharrei erantzun ahal izateko.