Nekazaritzako elikagaien EBko merkataritzak emaitza onak lortu zituen 2022an, eta horri esker nekazaritzako elikagaien EBko merkataritza balantzak errekorra hautsi zuen 2023an, Europako Batzordearen azken txostenak erakusten duen bezala. EBko esportazioen balioa 228.600 milioi euro izan zen, eta inportazioena, 158.600 milioi euro; beraz, guztira 70.100 milioi euroko superabita izan zen (2022arekin alderatuta, % 22 igo da, 12.800 milioi euro gehiagorekin).
Saldo positibo horren arrazoi nagusiak dira EBko esportazioen prezio altuak eta inportazioen munduko prezioen jaitsiera. EBtik gehien esportatu ziren produktuak honako hauek izan ziren: zerealez egindako elikagaiak, esnekiak eta ardoa. Inportazioei dagokienez, EBk merkataritza defizita du oraindik ere produktu klase jakin batzuetan, hala nola hazi oleaginosoak eta proteaginosoak, frutak eta fruitu lehorrak, kafea, tea, kakaoa eta espeziak. Kalitate, lehiakortasun eta dibertsifikazio maila handiari esker, Europar Batasuna da oraindik ere nekazaritzako elikagaien munduko lehen merkataria.
2023an, EBko nekazaritzako elikagaien esportazioen hiru helmuga nagusiak Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Txina izan ziren. EBko nekazaritzako elikagaien inportazioen bi jatorri nagusiak Erresuma Batua eta Ukraina izan ziren. Txostenak adierazten duenez, nahiz eta desberdintasunak egon Ukrainatik inportatzen diren produktu multzoen artean, inportazioen maila globala 2021eko mailetara itzuli da.