Batzordeak Flash Eurobarometro bat argitaratu du, eskualde mailan egindakoa, eta horrek erakusten du EBko herritarrek positibotzat jotzen dituztela beren eskualdeko egoera ekonomikoa eta bizi-kalitatea.
EBko hamar herritarretik zortzik baino gehiagok (% 82) diote beren eskualdeko bizi-kalitatea ona dela. Era berean, europarren % 65ek diote beren eskualdeko ekonomiaren egungo egoera ona dela.
Europarren ustez, hauek dira beren eskualdeek une honetan aurrean dituzten arazo garrantzitsuenak: bizitzaren kostua (% 31), egoera ekonomikoa eta langabezia (% 26) eta osasuna (% 26). Ondoren, etxebizitza (% 20), ingurumena eta klima-aldaketa (% 19) eta hezkuntza-sistema (% 18) daude.
Era berean, adierazi dute ekonomia, justizia soziala eta enplegua (% 29) Europaren etorkizunerako oso garrantzitsuak direla, baita honako hauek ere: klima-aldaketa eta ingurumena (% 24), hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola (% 24), demokrazia, balioak eta eskubideak eta zuzenbide-estatua (% 21), osasuna (% 21), segurtasuna eta EBren defentsa (% 20) eta migrazioa (% 19).
Eskualdeetako eta tokiko agintariekiko konfiantza handia da oraindik ere, baita EBrekiko konfiantza ere. Inkestatuen % 58 oro har fidatzen dira eskualdeko eta tokiko agintariekin, baina % 38 ez dira fidatzen. Proportzio berberak ikusten dira EBrekiko konfiantzaz ari garenean.
Europar gehienek baikorrak izaten jarraitzen dute. % 66 baikorrak dira beren eskualdearen etorkizunari dagokionez, eta % 32, berriz, ezkorrak. Aldi berean, % 55 baikorrak dira EBren etorkizunari dagokionez, eta % 42 ezkorrak.
Inkestak erakusten du, halaber, europar gehienek (% 47) jarraitzen dutela irudi positiboa izaten EBri buruz; % 21ek, berriz, irudi negatiboa dute; eta, amaitzeko, % 30ek irudi neutroa dute.