Mintegia hasteko, ekitaldi instituzionala egin zen martxoaren 26an, asteartean, Chemnitzeko Udalean. Ekitaldi horretan, Thomas Schmidt Saxoniako Eskualde Garapeneko ministro eta Eskualdeetako Lantaldeko (EL) kideak eta beste ordezkari politiko batzuek harrera egin zioten Chivite lehendakariari, eta eskualde horrek trantsizio jasangarrian dituen erronkak azaldu zizkioten. Gainera, Ralph Burghart Chemnitzeko alkateordeak aurkezpen bat egin zuen, 2025ean Chemnitz Kulturaren Europako Hiriburu izendatuko dute-eta.
2023ko azarotik 2024ko azarora arte, Nafarroa da Europako Eskualdeetako Automobilgintzaren Aliantzaren buru. Automobilgintzaren sektore handia duten 36 eskualdek osatzen dute sare hori. Eskualdeetako Lantaldeak aliantza abiarazi zuen 2022ko ekaineko osoko bilkuran, eta automobilgintzaren eta haren horniduretan trantsizio bidezkoa eta ekitatiboa bermatzea du helburu.
Orain arte, Nafarroak Aliantzaren Urteko 2. Hitzaldia prestatu zuen azaroan Iruñean; goi mailako bileretan parte hartu du Europako erakundeekin, hala nola Nicolas Schmit Enpleguko eta Eskubide Sozialetako komisarioarekin eta Elisa Ferreira Kohesioaren eta Erreformen komisarioarekin; eta, duela gutxi, Erregioen eta Hirien Europako Goi Bileran hartu du parte, Belgikako Mons hirian.