Martxoaren 31n, Bulgaria eta Errumania Schengen eremuko kide bilakatu dira: Schengen arauak bi estatu kideetan aplikatuko dira, Schengen bisatuak emateko ahalmena barne, eta kontrolak kenduko dira aireko eta itsasoko barne mugetan.
Kontseiluak 2023ko abenduan hartutako erabaki historikoaren ondoren iritsi da lorpen hori, eta Batzordea oso pozik dago. Bi estatu kide horiek Schengen eremura bilduta, erakargarriagoa izanen da espazio komuna; izan ere, barne mugen kontrolik ez duen munduko espazio komun handiena nabarmen handituko da.
Joan den abendutik, bi estatu kideek behar diren neurriak hartu dituzte, 2024ko martxoaren 31tik aurrera Schengen eremuko arauak erraz aplika daitezen. Batzordeak martxoaren hasieran Bulgariarekin eta Errumaniarekin batera abian jarritako lankidetza esparruen helburua honako hau da: asilo eta itzulera prozedura azkarren proiektu pilotuak arrakastaz aplikatzea. Lankidetza esparru horiekin, Errumaniak eta Bulgariak mugen eta migrazioaren arloetako lankidetza indartzen lagunduko dute, eta EBren kanpoko mugetako segurtasuna bermatzeko eta migrazio erronkei aurre egiteko Europaren ahaleginak bultzatuko dituzte.
Gainera, polizia lankidetzarako ekimen bat sortu da, eskualde mailakoa, Mendebaldeko Balkanetako eta Ekialdeko Mediterraneoko ibilbideetan kokatutako estatu kideen artean, eta tartean dira Bulgaria, Errumania, Austria, Grezia, Hungaria eta Eslovakia. Horri esker, elkarrekin lotura duten erronkei modu jasangarrian eta batera aurre eginen zaie, baita mugaz gaindiko delinkuentziari ere.
Bulgariak eta Errumaniak konpromiso handia erakutsi dute une oro, EBko kanpoko mugak behar bezala babesten direla bermatzeko, eta laguntzaile funtsezkoak izan dira Schengen eremuko barne segurtasuna bermatzeko.