Lehendakariordeak Urdazubin parte hartu du laneratzeko ekimen horren aurkezpenean. Ekimen hori POCTEFA funtsen bidez finantzatuko da, eta baserriak eta zurezko beste eraikin batzuk birgaitzea izanen du ardatz.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak “Baserriberri” proiektuaren garrantzia azpimarratu du, mugaz haraindiko lankidetzaren adibide gisa POCTEFA deialdiaren esparruan. Halaber, proiektu hori adierazgarria da, Nafarroako Gobernuak eta ehun sozioekonomikoak bai Europa, bai muga, garapen partekaturako aukeratzat jotzeko egiten duten apustu osoaren barruan.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak  Urdazubin parte hartu du laneratzeko ekimen horren aurkezpenean. Ekimen horrek baserriak eta zurezko beste eraikin batzuk birgaitzea izanen du ardatz, eta 1,1 milioi euroko finantzaketa lortu du Europar Batasunak sustatutako INTERREG-POCTEFA programaren lehen deialdian.

Proiektuaren helburua da egurrezko lan-tekniketan trebatzeko mugaz haraindiko eskaintza berri bat garatzea, landako eraikin tradizionalak birgaitu ahal izateko. Eskaintza horrek langabeen laneratzea sustatuko du, eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuko du zurezko eraikuntzaren sektorean. Horregatik, honako emaitza nagusi hauek lortu nahi ditu: mugaz haraindiko prestakuntza- eta laneratze-prozesuetarako laguntza-metodologia bat; landako eraikin tradizionalak birgaitzeko zurezko lan-teknikei buruzko prestakuntza-ikastaro teoriko eta praktiko bat; eta 2026-2030 aldirako mugaz haraindiko prestakuntza-polo bat garatzeko ibilbide-orri bat. 1.778.447 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.155.989 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) datoz.

Informazio gehiago