EBk eta Filipinek ofizialki iragarri dute, gaur, berriro abiaraziko dituztela merkataritza askeko akordio handinahi, moderno eta orekatu bat lortzeko negoziazioak, akordio horren muina jasangarritasuna izanik. Mota horretako merkataritza-akordioak EBren segurtasun ekonomikoaren giltzarrietako bat dira; izan ere, aukera berriak sortzen dituzte enpresentzat eta kontsumitzaileentzat, hornidura-kateak indartzen dituzte eta merkataritza-jardunbide jasangarriak sustatzen dituzte. Hori dela eta, kontuan hartuta Filipinak Indopazifikoko eskualdearen erdian dagoela, garrantzi estrategiko handia dutela, bertan ekonomia gorantz doala eta 115 milioi biztanle daudela, herrialde horrekin merkataritza askeko akordio bat lortzea osagarri baliotsua izanen litzateke EBren merkataritza-akordioen sarerako.

EBk merkataritza askeko akordio orokor bat lortu nahi du Filipinekin, honako hauek biltzen dituena: ondasunen, zerbitzuen, inbertsioen eta kontratazio publikoaren merkatu osoan sartzea; merkataritza digitalerako eta energiaren eta lehengaien merkataritzarako oztopoak ezabatzea, trantsizio digitala eta ekologikoa babesteko; prozedura sanitario eta fitosanitario azkarrak eta eraginkorrak; elikadura-sistema jasangarriak (SFS); jabetza intelektualaren eskubideak babestea, adierazpen geografikoak barne; eta diziplina sendoak eta aplikagarriak finkatzea merkataritza eta garapen jasangarriaren arloan, Batzordeak merkataritza eta garapen jasangarria berrikusteari buruz 2022ko ekainean emandako komunikazioarekin bat etorriz, langileen eskubideak eta ingurumena neurri handian babesteko eta asmo handiko helburu klimatikoak lortzeko.

Informazio gehiago