Kontseilaria eta Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak UAGN, EHNE eta UCANekin bildu dira, bai eta 6-Fko ordezkari batzuekin ere, joan den astean ministerioarekin izandako elkarrizketak eta Europako Batzordearen planteamenduak azaltzeko

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari José Mª Aierdik informazio-bilera bat izan du gaur eguerdian lehen sektorea ordezkatzen duten UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza-erakundeekin. 6-F plataformako ordezkari batzuk ere gonbidatu ditu bilera horretara. Bileraren helburua izan da joan den astean Nekazaritza eta Elikadura Ministerioarekin izandako bileren edukiak azaltzea, bai eta Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) arauz aldatzeko eta malgutzeko neurriak hartzeko proposamenak azaldu eta aztertzea ere. Proposamen horiek Europako Batzordeak planteatu zituen ostiralean.

Ignacio Gil Nekazaritzako zuzendari nagusia eta Rubén Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusia ere egon dira nekazaritza-erakundeetako ordezkariekin izandako bileran, eta bertan Aierdik azaldu die zer dokumentazio landu zen departamentuak joan den astean Madrilen izandako bi bilera teknikotan eta zer eduki jorratu ziren Chivite lehendakariak eta berak asteazkenean Luis Planas Nekazaritza eta Elikadura ministroarekin izandako bileran. Era berean, kontseilariak eta zuzendari nagusiek Europako NPEPEri (NPEren Plan Estrategikoa) buruzko araudia aldatzeko proposamenaren nondik norakoak zehaztu dituzte gaur. Bruselak proposamen hori aurkeztu nahi dio Nekazaritzako Europako Kontseiluari, zeina datorren asteartean, martxoak 26, biltzekoa baita, ondoren proposamen Estrasburgoko Parlamentuan aztertzeko eta, hala badagokio, onesteko.

Informazio gehiago