Europako Batzordeak Turismo Adimendunaren Europako Hiriburua eta Europako Aitzindari Berdea lehiaketetarako 2025eko deialdia egin du. EB osoko helmuga turistikoek turismo adimenduneko eta jasangarriko praktika berritzaileak aurkezten ahalko dituzte maiatzaren 31ko 17:00ak arte (CET).
Turismo Adimendunaren Europako Hiriburua lehiaketa 100.000 biztanletik gorako hiriei zuzentzen zaie, eta seigarren edizioa eginen du. Tituluaren irabazleak komunikaziorako eta markarako laguntza jasoko du 2025ean, eta bere jardunbide adimendun eta berritzaileak ezagutaraziko ditu.
Horren barruan sartzen dira sustapen-bideo bat ekoiztea, hashtag bat duen eskultura bat leku nabarmen batean jartzea, hainbat sustapen-jarduera eta ikusgarritasuna Europan eta nazioartean. Irabazleak aukera izanen du, halaber, aurreko edizioetan hautatutako helmuga turistikoen sare adimendunarekin bat egiteko, jardunbide hobeak trukatzeko.
Bestalde, Turismo Adimendunaren Europako Aitzindari Berdea lehiaketa, 2007an lehen aldiz plazaratutako Bikaintasuneko Europako Helmugen deialdiaren ondorengoa, 25.000 eta 100.000 biztanle bitarteko hiriei zuzentzen zaie, eta helmuga turistiko jasangarri berriak eta ez-tradizionalak sarituko ditu.
Helburua da turismo jasangarriaren garapena sustatzea hiri txikiagoetan, ekonomiari, planetari eta pertsonei balioa emateko. 2025eko tituluaren irabazlea Europako beste helmuga batzuen inspirazio-iturri izanen da, helmuga gisa duen profila hobetzen ahalko du, bisitariak erakartzen ahalko ditu eta hazkunde ekonomikoa modu jasangarrian sortzen ahalko du. Bi lehiaketak EBko hiriei eta Merkatu Bakarreko Programan (lehengo COSME programa) parte hartzen duten herrialdeei zuzentzen zaizkie.
Guide for applicants European Green Pioneer of Smart Tourism
Turismo Adimendunaren Europako Hiriburuko izangaientzako gida (gaztelaniaz)