Europako Batzordeak gomendatu du EBri atxikitzeko negoziazioak hastea Bosnia-Herzegovinarekin, eta Kontseiluari ahoz emanen dion hurrengo txostena eztabaidatu du, Batzordearen azaroaren 8ko luzapenari buruzko txostenean azaltzen diren neurriak jorratzeko asmoz Ukrainak eta Moldaviako Errepublikak egin dituzten aurrerapenei buruzkoa. Ukrainarekin eta Moldaviarekin negoziatzeko esparruen proiektuetarako proposamenak ere egin ditu Batzordeak, eta Kontseiluari aurkeztuko zaizkio.

Kontseilu Europarrak eskatuta, Bosnia-Herzegovinak egindako aurrerapenei buruzko txostena aurkeztu dio Batzordeak Kontseiluari. Txostenean adierazten den bezala, Kontseilu Europarrak 2022ko abenduan herrialdeari hautagaiaren estatutua eman zionetik, hainbat erreforma garrantzitsu gauzatu dira herrialdean; erreforma horiek bultzatu egin dute agintari politikoek Europan sartzeko helburu estrategikoarekin duten konpromiso publikoa, eta emaitza oso positiboak lortu dira. Bosnia-Herzegovinak konpromiso irmoa erakutsi du aspalditik egiteke dauden erreformetan aurrera egiteko, hala nola interes-gatazkak prebenitzeko legea eta kapitalak zuritzearen eta terrorismoa finantzatzearen aurkako legea onestea. Bosnia-Herzegovinak urrats handiak egin ditu hainbat arlo hobetzeko: sistema judizial eta fiskala; ustelkeriaren, delinkuentzia antolatuaren eta terrorismoaren aurkako borroka, eta migrazioaren kudeaketa. Horretarako, mandatu bat onetsi du Frontexen estatutuari buruzko akordio bat negoziatzeko. Bosnia-Herzegovinak bat egin du erabat EBko atzerri- eta segurtasun-politika erkidearekin, eta hori aurrerapauso positibo eta erabakigarria da asaldura geopolitikoko garai hauetan.

Informazio gehiago