Industriak Nafarroako enpresen artean I+G+b-a sustatzeko aurten eginen duen jarduera multzo bateko lehenengoa da ekimen hori.

Nafarroako S4ko askotariko sektoreetan ikerketan, garapenean eta berrikuntzan diharduten 160 profesional baino gehiago bildu ditu. Hizlarien artean, ESADEko berrikuntzako irakasle Xavier Ferràs eta Zabala Innovation-eko presidente José María Zabala izan dira, besteak beste.

Bere hitzaldian, Irujo kontseilariak “Nafarroako I+G+b-aren indarra” nabarmendu du, “Estatuko 4. postuan eta Regional Innovation Scoreboard 2023k aztertutako Europako 239 eskualdeen artean 98. postuan baitago”. Horrez gain, Irujok gogorarazi duenez, “Departamentuak 30 milioi euro jarri ditu SINAIko enpresa eta zentroen esku I+G-a garatzeko. Kopuru hori iazkoa baino % 4,9 handiagoa da”. “Laguntzei zerga kenkariak gehitu behar zaizkie. I+G-aren kasuan, sozietateen gaineko zergan % 40ko kenkariak daude eta berrikuntzaren kasuan % 15ekoak”.

Jose María Zabalak, Zabala Innovation-eko presidenteak, berrikuntzaren ekosisteman egin duen ia 40 urteko ibilbide profesionalean izandako ikaspenetako batzuk eta bizitako esperientzietako batzuk errepasatu ditu. Zenbait enpresarekiko lankidetzan –MTORRES, VISCOFAN eta CINFA, kasu– izandako arrakasta kasuak nabarmendu ditu, eta garrantzi handia izan duten pertsona batzuk gogoratu ditu bereziki, hala nola Antonio Monge eta Manuel Torres. Halaber, Zabalak adierazi duenez, “egungo aukerak aprobetxatu behar dira, datozen erronkei aurre egiteko; ez zaio trenari ihes egiten utzi behar”. Horren erakusgarri, azaldu duenez, Europako Batzordearen programetan duen know-how-ari eta laguntza publiko nazionalen eta erregionalen mapari buruz duen ezagutzari esker, azken hiru urteetan Zabala Innovation-ek 3.000 milioi euro baino gehiago erakarri ditu bere bezeroentzako itzulkin gisa; horietatik 1.000 Next Generation EU funtsetatik datoz, beste 1.000 milioi laguntza nazionaletatik eta beste 1.000 Europako programetatik. Hala ere, azpimarratu duenez, “laguntza pizgarri bat baino ez da, garrantzitsuena proiektuaren arrakasta da”.

Informazio gehiago