2024ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren munduko gaia «Inklusioa inspiratu» da, eta bat dator Nazio Batuen aurtengo gaiarekin: «Emakumeengan inbertituz aurrerapena bizkortu». Emakumeek gizartean parte hartzea funtsezkoa da, baita erabakiak hartzeko karguetan parte hartzea ere.

2024ko martxoaren 6an, Jourová lehendakariordeak «Emakumeak bizitza publikoan» izenburua zuen Batzordearen goi mailako ekitaldi bat inauguratu zuen Bruselan, Europako Parlamenturako hurrengo hauteskundeen testuinguruan. Hainbat paneletan, emakumeek politikan, kazetaritzan eta gizarte zibilean dituzten zailtasunak aztertu ziren. Emakumeek jendaurreko kargu horiek uzteko arrazoiari buruz eztabaidatu zuten parte-hartzaileek eta joera horrekin amaitzeko irtenbide zehatzak aurkitu zituzten; besteak beste, komunikabide plataformak, erakunde arautzaileak eta alderdi politikoak inplikatzea.

Emakumeek politikan ordezkaritza txikia izaten jarraitzen dute. 2023an, sei estatu kidek baino ez zuten lortu diputatuen % 40tik gorako genero oreka, eta zazpi estatu kidetan emakumeak parlamentarien % 25 baino gutxiago ziren.  Europako Parlamentua oreka horretara hurbiltzen ari da, diputatuen % 40 emakumeak eta % 60 gizonak baitira. 2024ko urtarrilean, 27 estatu kideetatik bostek baino ez zituzten emakumezko estatuburuak. Mundu mailan, emakumeek parlamentuetako eserlekuen % 26,7, tokiko gobernu organoetako eserlekuen % 35,5 eta enpresetako zuzendaritza postuen % 28,2 baino ez dituzte betetzen. Aldaketak motel gertatzen ari direnez, 2050ean lantokietako zuzendaritza postuetako emakumeen kopurua % 30ekoa baino ez da izanen. Batzordeak estatu kideei lagunduko die kargu erabakigarrietan emakumeen kopurua handitzeko estrategia eraginkorragoak formulatzen eta aplikatzen, hala nola genero parekidetasuna duten hauteskunde zerrendak egitea politikak hobetzeko, diskriminazioaren eta sexismoaren aurkako kultura izatea, eta demokrazia indartsuagoak lortzea, gizarte beharrizanak hobeki asetzeko.

Informazio gehiago