Eskualdatzea Erriberrin egin da, euroeskualdearen batzar nagusi batean. Bertan, Chivite presidenteak elkartearen zeregina nabarmendu du gune lehiakorrago eta solidarioago bat lortzeko bidean

Nafarroak, gaurtik 2026ra arte, Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa (NAEN) euroeskualdearen lehendakaritza hartuko du bere gain. Aldi horretan, hiru bazkideen arteko mugaz gaindiko lankidetzan sakonduko da, garrantzi bereziko eremuetan, hala nola Euroeskualdeko herritartasunaren garapenean, lurralde kohesioan eta garapen berritzaile, lehiakor, inklusibo eta jasangarrian.

Erreleboa gaur goizean gauzatu da Nafarroako Erriberri herrian, euroeskualdearen urteko batzarrean. Egungo batzarburua Akitania Berriko lehendakari Alain Rousset izan da, eta Nafarroako lehendakari María Chivite eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere izan dira, Batzarreko gainerako kideekin batera, hiru eskualdeetako gobernuen arduradunak denak ere.

Batzarrean hiru eskualdeetako 18 ordezkarik hartu dute parte, 2023ko jardueren balantzea eta aurtengo aurrekontu orientabideak aurkeztu dira. Halaber, Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa proiektuen 2024ko deialdiaren esparrua onartu da, eta Batzarreko kideak berritu dira Foru Gobernuaren osaera berria dela eta. 2023ko jardueren balantzeari dagokionez, Batzarrak herritarrengandik hurbilago egoteko ahalegina nabarmendu du, batez ere 27 proiektu berri, 7 lankidetza, eta ikasle eta doktoreentzako 93 mugikortasun beka finantzatuz. Bestetik, ildo hauei jarraitu zaie: 2021-2027 Plan Estrategikoaren garapena, lurralde dinamizazioaren sustapena eta POCTEFA 2021-2027 programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren koordinazioa, euroeskualdeko lurraldeei zuzenean eragiten diena.

Informazio gehiago