Testua aldez aurretik adostua zegoen, modu informalean, Kontseiluarekin, eta han neurri berriak jaso dira, EBko energiaren handizkako merkatua hobeto babesteko. Helburua da epe laburreko prezioen gorabeherek ahalik eta gutxien eragitea Europako etxebizitzetan eta enpresetan energiagatik ordaintzen diren fakturei.
Energiaren Handizkako Merkatuaren Osotasunari eta Gardentasunari buruzko Erregelamenduan (REMIT, ingelesez), harmonizazio handiagoa dago finantza-merkatuetako gardentasunari buruzko EBren arauekin. Orobat, merkataritza-jardunbide berriak arautzen ditu –hala nola algoritmoetan oinarritutako negoziazioa–, eta informazioari eta gainbegiraketari buruzko xedapenak indartzen ditu; hori guztia, kontsumitzaileak merkatuko abusuetatik babesteko.
Errusiak Ukrainia inbaditu izanak eragindako krisi energetiko izugarriari erantzuteko, bada, Europako Batzordeak, 2023ko martxoaren 14an, legegintzako proposamen hori aurkeztu zuen, bai eta elektrizitatearen merkatuaren diseinua erreformatzeko proposamen bat ere. Proposamenak Energiaren Handizkako Merkatuaren Osotasunari eta Gardentasunari buruzko Erregelamendua (REMIT) eguneratzen du, eta EBko energia-merkatuetan gardentasuna eta egonkortasuna bermatzea du helburu. REMIT, hain zuzen, 2011. urtean ezarri zen, informazio pribilegiatuaren erabilerari eta merkatuaren manipulazioari aurre egiteko.