Zabalik dago Europako Hiriburu Berdea eta Europako Hosto Berdea sarien 2026ko lehiaketa.

Maite al duzu zure hiria? Uste al duzu urrats garrantzitsuak egiten ari dela berdegune gehiago eta ingurumen garbia sortzeko?

Erantzuna BAIETZ bada, hautagaitzak aurkezteko deialdia zabalik daukazu: zure hiriak Europako hurrengo Hiriburu Berdea edo Hosto Berdea saria irabaz dezake! Europako Batzordearen Ingurunearen Zuzendaritza Nagusiak aintzat hartuko ditu zure hiriak izena eman dezan eginen dituzun ahaleginak: 2024ko apirilaren 30a da parte hartzeko azken eguna!

Hiri-eremuak dira gaur egungo ingurumen-erronka aunitzen jatorria, eta ez da harritzekoa, Europako hiru biztanletik bi herri eta hirietan bizi baitira. Tokiko gobernu eta agintarien esku dago arazo horietako askori heltzeko eta haiek konpontzeko behar diren konpromisoa eta berrikuntza.

Europako Batzordeak hiri berdeei ematen dizkien sariek bi izendapen dituzte. Europako Hiriburu Berdea (CGE), 100.000 biztanletik goitiko hirietarako, eta Europako Hosto Berdea (LEE), 20.000 biztanletik goitiko hiri txikietarako. Sariek aitortu eta saritu egiten dituzte etorkizun ekologikoago eta jasangarriago batera jotzeko bideratzen diren toki-ekintzak. Irabazten duten hiriek herritarrak ere sartzen dituzte trantsizio horretan, hiri-ingurunea hobetzen dute, kutsaduraren aurka borrokatzen dira eta klima-aldaketari hobeki aurre egiteko prestatzen dira. Berdeago diren hiriek inbertsioa eta turismoa erakartzen dituzte, eta bizi-kalitate hobea eskaintzen diete biztanleei.

Sariek ekintza ausartagoak sustatzen dituzte, eta tokian tokiko harrotasuna pizten. Punta-puntako hiriek trantsizio ekologikoaren bidea erakusten digute. Denok dugu haietatik zer ikasia.

Argibide gehiago hemen.