Sudoe proiektuen bigarren deialdia 2024ko otsailaren 26tik 2024ko maiatzaren 31ko 12:00etara arte dago zabalik.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak 53,7 milioi eurorekin finantzatzen du deialdia, bi lehiaketa fasetan, eta proiektuek programaren 1., 2. eta 3. lehentasunen helburu espezifikoekin bat egin behar dute.
Interreg Sudoe programako agintariek ekitaldi batzuk antolatzen dituzte online eta aurrez aurre, proiektuen sustatzaileei hautagaitzak prestatzen laguntzeko.
Gizarte sektoreko eta ekonomia sozial eta solidarioko eragileentzako web mintegia 2024ko martxoaren 6an eginen da, 10:00etatik 13:00etara (CET), eta aldibereko itzulpena izanen da gaztelaniara, frantsesera eta portugesera. Mintegiaren programa eta mintegian izena emateko formularioa 2024ko otsailaren 29tik aurrera egonen dira eskuragarri.
Proiektuen bigarren deialdiaren inguruan ere eginen da mintegi bat. Mintegi hori aurrez aurre eginen da Santanderren (Espainia), 2024ko apirilaren 17an eta 18an. Proiektu hautagarri bat aurkeztu nahi duten erakundeak dira mintegiaren hartzaileak. Mintegia apirilaren 17an hasiko da, arratsaldez, proiektu ideien aurkezpen laburretan ardaztutako networking saio batekin. Apirilaren 18ko goizean, Idazkaritza Bateratuak eta agintari nazionalek animatutako saio batzuk izanen dira. Izena emateko inprimakia martxoaren erdialdean egonen da eskuragarri, baita networking saio baten esparruan proiektu ideia bat aurkezteko moduari buruzko xehetasunak ere.
2024ko apirilaren 22ko astetik aurrera, zenbait bilera programatuko dira proiektu sustatzaileen, agintari nazionalen eta Idazkaritza Bateratuaren artean. Estatu kideek antolatutako saio horiei esker, parte-hartzaileek zenbait gai partekatzen ahalko dituzte: programatik espero dena, proiektuen deialdiaren puntu espezifikoak, partzuergoetan balio katea sortzea eta abar. Bileren plangintza apirilean emanen da ezagutzera.