Europako Batzordeak agiri bat bidali dio gaur Belgikako lehendakaritzari. Agiri horretan hastapeneko neurri batzuk jaso dira, laguntzen ahal dutenak nekazarien zama administratiboa arintzen. Agiri hori estatu kideek eztabaidatuko dute Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluaren otsailaren 26ko bileran, eta bertan jaso dira epe laburrean eta ertainean abian jartzen ahal diren zenbait neurri, izapideak sinplifikatzeko. Hain zuzen, agiri horretatik abiatuta eztabaidatu eta lan egingo dute, modu bateratuan, EBko herrialdeek.
Agirian jasotako ekintzetan, kontuan hartu dira honako hauen ekarpenak: herrialde bakoitzeko administrazioenak, EBko nekazaritzaren arloko erakunde nagusienak eta Europako Parlamentuko Nekazaritza Batzordearenak. Izapideak sinplifikatzeko agiria bat dator von der Leyen presidenteak Kontseilu Europarraren 2024ko otsailaren 1eko bileran bere gain hartu zuen konpromisoarekin.
Egungo nekazaritza politika erkidea (NPE) aplikatzeko eredua oinarritzen da NPEren plan estrategikoetan (plan horiek herrialde bakoitzak onetsi eta aplikatzen ditu), eta hori, aurreko aldiarekin alderatuta, aurrerapausoa da sinplifikazioari eta subsidiariotasunari dagokienez. Nekazarien zama administratiboak mugatua izan behar du, eta EBko legeriaren helburuen irismenaren araberakoa, eta horretarako funtsezko rola jokatzen dute estatu kideek. Horregatik, bada, izapideak sinplifikatzeko edozein ekimenek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da orpoz orpo aritzea herrialdeetako administrazioekin eta nekazariekin beraiekin.