Zuzentarauak produktuen etiketatzea hobetuko du, eta debekatuko du ingurumenari buruzko baieztapen engainagarriak erabiltzea

Kontsumitzaileak merkataritza-jardunbide engainagarrietatik babesteko eta erosten dituzten produktuak hautatzen laguntzeko, Kontseilu Europarrak Trantsizio Ekologikorako Kontsumitzaileak Ahalduntzeko Zuzentaraua onetsi du. Lege berriak produktuen etiketatzea hobetuko du, eta debekatuko du ingurumenari buruzko baieztapen engainagarriak erabiltzea. Zuzentaraua Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta hogei egun iragandakoan hartuko du indarra.

Zuzentarauaren helburua da merkataritza-jardunbide desleialen aurka borrokatzea, horien ondorioz kontsumitzaileek ezin baitituzte erabaki egokiak hartu produktu edo zerbitzu ekologikoagoak edo zirkularrak hautatzeko orduan.

Zehazki, Zuzentaraua babesa izanen da produktua “berdea” dela dioten baieztapen engainagarrien aurrean, karbonoa konpentsatzeari buruzko baieztapen bidegabeak barne. Halaber, argituko du zein den merkatarien erantzukizuna zaharkitze goiztiarraren berri emateari (edo ez emateari) dagokionez, behar ez diren software-eguneratzeei dagokienez edota ordezko piezak jatorrizko ekoizleari erosteko betebehar bidegabeari dagokionez.

Halaber, eskura dagoen informazioa hobetuko du, erabaki zirkular eta ekologikoak hartzen laguntzeko. Adibidez, Europar Batasun guztian produktuek etiketa harmonizatua izanen dute, eta hartan agertuko da ekoizleek zer merkataritza-berme eskaintzen duten iraunkortasunari dagokionez, eta legearen araberakoa dela adierazten duen berme bat edukiko du.

Informazio gehiago