Batzordeak azpiegitura digitalen berrikuntza, segurtasuna eta erresilientzia bultzatzeko zenbait ekintza posible aurkeztu ditu gaur. Sare digital aurreratuen azpiegitura eta zerbitzu horiek baldintzatuko dute Europako ekonomiak etorkizunean izanen duen lehiakortasuna; izan ere, funtsezkoa da konektagarritasuna azkarra, segurua eta orokorra izatea, etorkizunean izanen ditugun teknologia berriak ezartzeko, hala nola telemedikuntza, gidatze automatizatua, eraikinen mantentze-lan prediktiboa edo doitasunezko nekazaritza.
Konektagarritasun digitaleko pakete horren helburua da proposamen zehatzen gainean eztabaida piztea alderdi interesatuekin, estatu kideekin eta bazkideekin, EBren etorkizuneko ekintza politikoa konfiguratzeko moduari buruz, betiere adostasun bat lortzearren:
- Nola aurre egin azpiegitura digitalen arloan Europak dituen beharrei? Liburu Zurian aztertzen da zer erronkei aurre egin behar dien Europak etorkizuneko konektagarritasun sareak hedatzeko, eta eszenatoki posible batzuk aurkezten ditu inbertsioak erakartzeko, berrikuntza sustatzeko, segurtasuna handitzeko eta benetako merkatu digital bakar bat lortzeko.
- Itsaspeko kableen azpiegituren segurtasunari eta erresilientziari buruzko Gomendioak ekintza multzo bat aurkezten du, estatuei eta EBri zuzendua, itsaspeko kableen segurtasuna eta erresilientzia hobetzeko, EB osoan koordinazioa hobetuz, bai gobernantzari bai finantzaketari dagokienez.
Batzordeak Liburu Zurian azaldutako 12 hipotesiei buruzko kontsulta publiko bat abiarazi du gaur. Kontsulta 2024ko ekainaren 30ean bukatuko da. Aurkeztutako dokumentuak argitara emanen dira eta lagungarriak izanen dira etorkizuneko ekintza politikoetan.