Europako Batzordeko egungo lehendakariak baieztatu du beste bost urtez erakunde horren buru izateko asmoa duela.

Azken asteetan asko espekulatu da Bruselan bere etorkizun politikoari buruz (NATOrekin ere lotu da), eta, azkenean, Europako Batzordeko egungo lehendakari Ursula von der Leyenek iragarri du berriz ere hautagai izanen dela beste bost urtez erakunde horren buru izateko.

Astelehen arratsaldean iragarri zen albistea, Alemaniako Batasun Kristau Demokratak (CDU) egindako bilera baten ondoren; hartan, alderdiak bere hautagaitza babestu zuen aho batez.

EBko erakunderik boteretsueneko burua da Von der Leyen, eta haren izendapena aho batez berretsi beharko da martxoaren hasieran, bere familia politikoa den Europako Alderdi Popularraren (EPP) urteko biltzarrean. Zentro-eskuinekoa da alderdi hori. EPPk ezarri zuen otsailaren 21a izanen zela azken eguna barne-hautagaitzak aurkezteko.