Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari José María Aierdik Nafarroako proposamen bat helarazi dio Nekazaritza eta Elikadurako ministro Luis Planasi. Proposamen hori aldez aurretik adostu du Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza-erakundeekin, zenbait aldaketa egiteko eta malgutze-neurriak ezartzeko, uste baitu beharrezkoa dela horiek Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotzea.

Aierdi kontseilariak Nekazaritza Politikaren Aholku Kontseiluan parte hartu du arratsalde honetan, nekazaritza arloko gainerako agintari autonomikoekin batera, Planas ministroa buru izan duen saio batean. Saio horretan autonomia-erkidego guztiak bildu dira, prestatzeko zer jarrera izanen duen Espainiako estatuak, NPEari dagokionez, otsailaren 26an, astelehenarekin, Bruselan eginen den bilkuran; izan ere, egun horretan bilduko da EBko estatuetako nekazaritza-ministroen Europako Kontseilua.

Autonomia-erkidegoetako sektoreko ordezkariekin bildu aurretik, goizean, Aierdi harremanetan jarri da eta lan-bilera teknikoak izan ditu UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza-erakundeekin, gutxienekoen proposamen bat adosteko departamentuaren eta sektorearen artean (hura garatzeko, oinarritzat hartu dira otsailaren 16an, ostiralarekin, lortutako akordioak, egun horretan bildu baitziren Nafarroako Gobernua eta nekazaritza-erakundeak). Horrela, Nafarroak iritzi partekatua defendatu du Nekazaritza eta Elikadura Ministerioaren aurrean eta gaur egin den Aholku Kontseiluaren aurrean; azken horrek helburu izan du Bruselan hemendik astebetera eginen den Europako Kontseilua prestatzea.

Informazio gehiago