Interreg Sudoe programako agintariek azken xehetasunak zehaztu dituzte proiektuen bigarren deialdia iragartzeko testu ofizialean.
Proiektuen bigarren deialdiko epea otsailaren 26tik maiatzaren 31ra egonen da irekita, programaren hiru lehentasun espezifikotarako. Deialdiaren aurrekontua 53,7 milioi eurokoa izanen da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatuko du.
Proiektuen deialdiaren testuan zehaztuko dira zer baldintza bete behar diren onartuak eta hautatuak izateko. Ez da aldaketa nabarmenik izanen baldintzetan, lehen deialdikoekin alderatuta. Hautagaitzak aurkezteko prozedura ere lehengo bera izanen da, eta bi lehiaketa-fase izanen dira.
Berrikuntza nagusia da helburu estrategiko berri bat ireki dela: lan-merkatuen efizientzia eta inklusibitatea hobetzea eta kalitatezko enpleguetarako sarbidea sustatzea. Horretarako, gizarte-azpiegiturak garatuko dira eta gizarte-ekonomia sustatuko da, landa-eremuak erakargarriagoak izan daitezen eta biztanleria bertan gelditu dadin.
Lankidetza-ardatz honen onuradun izan daitezkeenen beharrei hobeki erantzuteko, programaz arduratzen diren agintariek inkesta bat egin dute, haien beharrak ezagutzeko. Inkesta horri 2024ko otsailaren 20ra arte erantzuten ahalko zaio. Gizarte-sektoreko eta ekonomia sozial eta solidarioko eragilea bazara, ez izan zalantzarik eta bidali zure ekarpena. Klik egin esteka honetan inkestara sartzeko: https://forms.gle/638RxPRDgDAMCGLC9
Gizarte-sektoreri eta ekonomia sozial eta solidarioari buruzko web-mintegi bat eginen da martxoaren 6an, 10:00etatik 13:00etara. Programa eta izena emateko inprimakia eskuragarri jarriko dira otsailaren bukaeran.
Lehen deialdian bezala, Idazkaritza Bateratuak oraingoan ere zenbait jarduera jarriko ditu zuen eskura, hautagaitza prestatzen laguntzeko.
Zenbait web-mintegi eginen dira, baita aldebiko elkarrizketak eta aurrez aurreko mintegi bat ere, Santanderren, apirilaren 16tik 18ra (data hori ez da ziurra oraindik).
Azkenik, partzuergoa eratzen laguntzeko, jakin ezazu Coopsudoe berregituratze-prozesuan dagoela, funtzionaltasun hobeak eskaintzeko xedez.