Finnova Fundazioak hainbat berrikuntza iragarri ditu Res4City Startup Europe Accelerathon programan, hots, hiri-ingurune adimendunetan iraunkortasunari eta zirkulartasunari buruzko soluzio berritzaileak bultzatzeko azelerazio-egitasmoan. Izena emateko epea heldu den martxoaren 6ra arte luzatuko da, eta erronka berri bat dakar, etxeko hondakin-urak berrerabiltzea ardatz izanen duena. Otsailaren 20an, asteartea, informazio-webinar bat eginen da, formatu hibridoan.
Res4City Startup Europe Accelerathon programa Res4City proiektuaren parte da, zeinak aukera inklusiboak eskaintzen baititu trebetasunak garatzeko energia berriztagarriko sistemetan, erregaien teknologietan eta jasangarritasunean. 36 hilabeteko iraupena du, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua, Horizonte Europa programak finantzaturik.
Online lehiaketara nornahi aurkezten ahal da baldin eta irtenbide berritzaileren bat eskaini nahi badu hiriak etorkizun adimentsu eta jasangarriago baterako eraldatzeko: ikasleak, ekintzaileak, ikertzaileak, ETEak, start-upak, unibertsitateak, sektore publikoko erakundeak eta, oro har, mundu osoko entitateak. Banaka eman daiteke izena, edo hiruzpabost laguneko taldeetan.
Parte-hartzaileek aukera izanen dute funts europarren erabilerari buruzko prestakuntza jasotzeko, Res4City komunitateko kontaktu-sarea baliatzeko eta hiri-ekologismoaren arloan eragin globala izan asmo duten ideiak garatzeko. Irabazleak azelerazio-txartel europar bat lortuko du, eta, hari esker, hainbat programatako funts europarrak eskuratu eta bere ideia gauzatzen ahalko du.