Europako Batzordeak legegintzako proposamen bat aurkeztu du desgaitasuna duten pertsonek zirkulazio askerako eskubidea izan dezaten errazteko. Hala, bermatu nahi da baldintza beretan balia ditzatela aparkatzeko eskubideak, baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua beste estatu kide bat bisitatzen dutenean. Batzordearen proposamenak desgaitasunari buruzko Europako txartel normalizatu bat proposatzen du, eta hobetzen du gaur egungo txartela, desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko Europako txartela, alegia. Bi txartelak EB osoan onartuko dira.
Pertsona baten desgaitasun-egoera atzerrian aitortzen ez denean, ezin ditu baliatu baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua, hala nola doako eta/edo lehentasunezko sarbidea, tarifa murriztuak edo laguntza pertsonala, beste estatu kide batzuk bisitatzen dituenean. Arazo hori konpontzeko, Batzordeak proposatu du desgaitasunari buruzko Europako txartel normalizatu bat sortzea.
Europako Desgaitasun Txartelak desgaitasuna aitortuko du EB guztian, eta, hala, baldintza beretan baliatzen ahalko dira lehentasunezko tratua eta baldintza bereziak zerbitzu publiko eta pribatuetan; besteak beste, garraioan, kultura-ekitaldietan, museoetan, aisia- eta kirol-zentroetan eta jolas-parkeetan. Estatuetako agintari eskudunek emanen dute txartela, eta estatu horretan lehendik dauden txartel edo ziurtagirien osagarri izanen da.