Kalkulatzen da ia 300 milioi pertsonak beharko dutela laguntza humanitarioa 2024an; hala, EBk indartu egin du, berriz ere, mundu osoan zaurgarrienak direnei laguntzeko konpromisoa. Horregatik, Batzordeak urte hasierako aurrekontu humanitarioa onartu du. Aurten 1.800 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu horretara.
Europako Batzordeak 110 herrialdetan baino gehiagotan ematen du laguntza humanitarioa 1992. urteaz geroztik, eta urtero milioika pertsonengana iristen da. Laguntza hori erakunde humanitario elkartuen bidez ematen da, hala nola Europako gobernuz kanpoko erakundeen, nazioarteko erakundeen (NBEren agentziak barne) eta estatu kideetako agentzia espezializatuen bidez.
Europako Batzordeak hurbiletik zaintzen du nola erabiltzen diren EBren funtsak, arlo humanitarioko adituen munduko sarearen bidez, eta arau irmoak ditu finantzaketa ongi gastatzen dela bermatzeko.
2021ean, Europako Batzordeak komunikazio bat argitaratu zuen, eta hartan proposatu zuen Europar Batasunaren inpaktu humanitario globala indartzea, COVID-19aren pandemiak nabarmen areagotu dituen premia humanitarioei aurre egiteko. Komunikazio horretan funtsezko ekintza batzuk proposatzen dira laguntza humanitarioa azkarrago emateko; horretarako, bazkide humanitarioendako ingurune egokiago bat babesten da eta krisien kausa sakonei heltzen zaie Europako ikuspegi kolektibo batetik. Nabarmena da gero eta interes handiagoa dagoela Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa babestu eta bermatzeko, eta proposatzen da sektoreen arteko elkarlana areagotzea, komunitateen erresilientzia sustatzeko; bereziki, ikusita oinarrizko zerbitzuak gero eta gutxiago direla, eta klima-aldaketak ondorio humanitarioak dituela zaurgarrienak direnengan.