EUSEW Konferentzia Politikoa da energia berriztagarriei eta energiaren erabilera eraginkorrari buruzko Europako konferentziarik handiena. Konferentzia Politikoaren 18. edizioa formatu hibridoan eginen da Bruselan, eta online, 2024ko ekainaren 11tik 13ra.
Europako Batzordeak eta energian interesa duten alderdiek antolatutako saioetan, energia jasangarriari buruzko gaiak landuko dira, eta arlo horretan egindako aurrerapen politikoak, jardunbide egokiak eta ideiak eztabaidatuko dira. Konferentzia egitearekin batera, EUSEW komunitatea bilduko da elkarrekin harremanetan jartzeko, eta EUSEW sarien bidez pertsona, proiektu eta ideia nabarmenak sarituko dira.
Halaber, Gazteentzako Energiaren Europako bosgarren Egunean, 18 eta 34 urte arteko gazteak bilduko dira. Ideiak partekatuko dituzte, hausnartzeko nola eraldatu behar den Europa, klimari dagokionez neutroa den lehen kontinentea izan dadin.
Parte-hartzaileak, bertaratuz gero, elkarren artean harremanetan jartzen ahalko dira, eta enpresen eta erakundeen aurkezpenak ezagutzen ahalko dituzte Energiaren Azokan.
Komunitate, enpresa edo industria batean klimarako irtenbide edo teknologia neutroak garatu edo aplikatu nahi badituzu… orduan, Energia Jasangarriaren Europako Astea zure interesekoa izanen da. Urteroko ekitaldi hau aukera bat da energia-efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten alderdi interesdunekin biltzeko, ekintza eta politika arrakastatsuak ezagutzeko eta EBren energia- eta klima-helburuak lortzeko berrikuntzak inspiratzeko.