Batzordeak pozik hartu du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren artean lortutako akordioa EBren gobernantza ekonomikoaren esparruaren erreformari buruz, erreforma hori anbiziotsuena eta osoena baita krisi ekonomiko eta finantzarioak ondorio txarrak utzi zituenetik.

Batzordeak 2023ko apirilean aurkeztu zituen erreforma proposamenak.

Hauek dira esparruaren helburu nagusiak: estatu kideen zorraren jasangarritasuna indartzea eta hazkunde jasangarri eta integratzailea sustatzea estatu kide guztietan, hazkundea eta lehentasunezko inbertsioak bultzatuko dituzten erreformen bidez. Esparrua lagungarria izanen da EB lehiakorragoa izan dadin eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko hobeki prestatuta egon dadin, ekonomia ekologiko, digital, integratzaile eta erresistente baterantz aurrera egiten lagunduz.

Erreformek egungo esparruaren gabeziei heltzen diete. Esparrua sinpleagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izatea bermatu nahi da, eta nazioak gehiago inplika daitezen eta hobeki aplika dadin. Erreformek kontuan hartzen dute COVID-19 pandemiaren ondorioengatik ere etengabe hazten den zor publikoa murriztu behar dela, modu errealista, mailakatu eta iraunkorrean. Esparru berria EBk finantza krisiari emandako erantzun politikotik ikasitako ikasgaietan ere oinarritzen da; izan ere, krisi horretan inbertsiorik ezak eragotzi zuen ekonomia bizkor suspertzea.

Informazio gehiago