Europako Batzordeak Bulgaria, Irlanda, Espainia, Malta, Portugal eta Eslovakia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramatea erabaki du gaur, ez dutelako arroen plan hidrologikoen berrikuspena bukatu, Urari buruzko esparru-zuzentarauarekin bat etorriz(2000/60/EE Zuzentaraua), edo uholde-arriskua kudeatzeko planekin bat etorriz (2007/60/EE Zuzentaraua).
Urari buruzko Esparru-zuzentarauaren ardatza da Europako ur-masak –hala nola, ibaiak eta lakuak– osasun kualitatibo eta kuantitatibo ona dutela bermatzea. Helburua kutsadura murriztu eta ezabatzea da, eta orobat bermatzea badela nahikoa ur aldi berean asetzeko bai gizakien beharrak eta bai basafaunarenak. Europako Itun Berdearen funtsezko atal bat da, eta ezinbestekoa da Itunak klimaren eta naturaren arloetan eta kutsadura murrizteko arloan dituen xedeak erdiesteko. Uholdeei buruzko Zuzentaraua betetzea funtsezkoa da uholdeei aurre egiteko prestatzeko eta uholdeak kudeatzeko.
Urari buruzko Esparru-zuzentarauaren arabera, estatu kideek sei urtean behin eguneratu eta jakinarazi behar dituzte arroen plan hidrologikoak. Plan horiek programa bat daukate ur-masa guztien egoera ona edo duten ahalmena bermatzeko funtsezko neurriekin, Zuzentarauak xedatzen duen bezala. Urari buruzko Esparru-zuzentarauaren arabera, estatu kideek sei urtean behin eguneratu eta jakinarazi behar dituzte uholde-arriskua kudeatzeko planak. Plan horiek funtsezkoak dira, halaber, uholdeei buruzko Zuzentarauaren helburuak betetzeko, hots, uholdeek giza osasunari, ingurumenari, kultura-ondareari eta jarduera ekonomikoari ekartzen dizkieten arriskuak murriztu eta kudeatzeko.