Europako Batzordeak Espainia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramatea erabaki du gaur, ez dituelako bete hondakinei buruzko Esparru-zuzentarauak ezarritako baldintzak (2008/98/EE Zuzentaraua).

Hondakinei buruzko Esparru-zuzentarauak estatu kideei eskatzen die beharrezko neurri guztiak hartzeko hondakinen kudeaketak ez dezan arriskuan jarri gizakien osasuna eta ez diezaion ingurumenari kalterik egin. Estatu kideek orobat zaindu behar dute hondakinak modu seguruan ezabatzen direla eta hasierako hondakin-sortzaileek hondakinak beren kabuz tratatzen dituztela edo, bestela, tratamendua behar bezala egiten dela ziurtatzen dutela.

Espainiak ez ditu behar diren neurriak hartu hondakinei buruzko Esparru-zuzentarauak ezarritako baldintza horiek betetzeko. 2008az geroztik oraindik ere itxi, zigilatu edo lehengoratu gabe daude legez kanpoko 195 zabortegi, eta horrek kalte larriak eragiten ditu ingurumenean, eta arriskuan jartzen du gizakien osasuna. Horrek esan nahi du, halaber, Espainiak ez dituela bete hondakinen isurketa kontrolatzeko, ikuskatzeko eta betetzeko dagozkion betebeharrak. Egoera horrek arriskuak ekartzen ditu bai osasunerako eta bai ingurumenerako, Europako Itun Berdearen jomuga diren bi arlotarako, alegia.

Batzordeak epatze-gutun bat bidali zion Espainiari 2015eko abenduan, eta, ondoren, irizpen arrazoitu bat, 2018ko azaroan. Aitzinamenduren bat egon den arren, Espainiako agintariek ez dituzte hutsak erabat konpondu. Batzordeak uste du Espainiako agintarien orain arteko ahaleginak ez direla nahikoak izan eta, horrenbestez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eraman du Espainia.

Informazio gehiago