Adostutako helburua da Europar Batasunak klima-neutraltasuna lortzea 2050ean; Batzordeak horretarako bide posibleak aztertu ditu, eta gaur argitaratu du horien inpaktuaren gaineko ebaluazio xehatua. Inpaktuaren ebaluazio horretan oinarrituta, Batzordeak gomendatzen du berotegi-efektuko gasen isuriak % 90 murriztea 2040rako, 1990ko zifrekin alderatuta, eta eztabaida bat abiaraztea alderdi interesdun guztiekin. Batzordeak legegintzako proposamen bat aurkeztuko du Europako Parlamenturako hauteskundeak iraganik eta hura Parlamentuarekin eta estatu kideekin adostu ondoan, hala ezartzen baita EBren Klimari buruzko Legean. Gomendio hori bat dator Klima Aldaketari buruzko Europako Batzorde Zientifiko Aholku-emaileak (ESABCC) emandako aholkuekin eta EBk Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoekin.
Gaurko komunikazioak, gainera, baldintza politiko egokiak ezartzen ditu, beharrezkoak direnak % 90eko helburua lortzeko. Besteak beste, 2030erako adostutako esparrua guztiz aplikatu beharko da, Europako industriaren lehiakortasuna bermatu, trantsizioa justua dela zaindu inor atzean ez uzteko, nazioarteko bazkideekiko baldintza-berdintasunean aritu, eta eztabaida estrategiko bat abiarazi 2030aren ondoko esparruari buruz, industriari eta nekazaritza-sektoreari ere hitza emanda. Dubaiko COP28aren emaitzek frogatzen dute munduko gainerako lurraldeak ere norabide berean doazela. EBk gidatu du nazioarteko ekintza klimatikoa, eta norabide horri eutsi behar dio. Hala, aukerak sortu behar ditu Europako industriak aurrera egin dezan teknologia garbien mundu-mailako merkatu berrietan.